Arrankudiagako historioa

Erdi-paleolitoan (75000 – 35000 k.a.) bizi izan zen Euskal Herrian Neanderhaleko gizona. Haren bizimodua honako hau zen: oinarrizko haitzuloa egoitza gisa eta inguruko ehiza, arrantza ta bilketarako lurraldeak. Arrankudiagak ez zuenez leize egokirik gure udalerriko lurrak hornitzeko lurralde bezala erabili ziren. Brontze Aroan (1200 – 600 k.a.), kultura megalitikoari atxikita, bizimodua aldatu egin zen, harrapari izatetik artzain izatera igaroz. Garai honetakoak dira artzainen Ganekogortako aire zabaleko kokalekuetan aurkitutako silexezko harri zabalak.

Erromanizazioa Euskal Herrian hegoaldeko lurraldeetara eta, portu babesa lortu guran, itsasaldeko leku batzuetara mugatu zen. Arrankudiagan, geografia malkartsua eta klimatologia gogorrekoa izanik, euren antzinako bizimoduarekin jarraitu zuten etnia karistiarreko biztanleek.

XI. mendearen erdialdean Arratiak nolabaiteko antolaketa politikoa zuen: Arratiako jaunaren menpe esparrua zibilean eta Arantzazuko Abalearen menpe elizaren esparruan. Aldaketa hori Arabar immigrazioagatik gertatu zen, etorri berriek kultura mediterraniar kristaua ekarri baitzuten eurekin. Eliza txikiak eraiki ziren, eta hauen inguruan gaur egungo herriguneak sortzen joan ziren. Hala ere, erritu paganoak eta kristau ohitura berriak elkarrekin bizi izan ziren. Leinu buru batzuek euren elizak eraiki zituzten, inguruneko lurrak erabiltzeagaitik hamarrenak edo zergak kobratzeko. Orduantxe finkatu zen ia historiaurreko bizimodutik feudalerako igarotzea.

XIII. eta XIV. mendeetan agerturiko hiribilduak argi eta garbi merkataritza helburuarekin sortu ziren. Haien artean Bilbo nabarmentzen da, eta, berehala erabiliko du Nerbioi Ibarra mesetarekin komunikatzeko, zerealak inportatu eta burdina zein abereak esportatzeko xedearekin. Errege bidea bertatik igarotzeak eragina izango du Arrankudiagako biztanleengan. Haren habitat barreiatua lineala ere bada bidean zehar. Bidea herriaren ardatza da eta bertatik banatzen dira auzoak. Biztanleria handitu egin da, horrek Arrankudiagako bizilagunek Errekonkistan parte hartze garrantzitsua izatea ahalbidetuz: Baeza hartzea (1226) eta Saladoko bataila (1340).

1410ean Abendañotarrek Arrankudiagako Andra Mariaren eliza sortu zuten. XVIII mendera arte eduki zuten zaindarigo hori, hots, harik eta Valdecarzanako markesaren eskuetara igaro zen arte.

Arrankudiaga Arrigorriagako auzo bat izan zen, XV. mendearen erdialdean independente bilakatu zen arte. Elizate mailarekin independizatu zen, Gernikako Batzar Nagusietan jesarlekua eta 40. botoa zegokiola, aldez aurretik Bizkaiko Jaunaren baimena eskuratu baitzuen. Honek XIV. mendeko gosetean euren estatusari eustearren “jauntxo”en artean sorturiko bando-gerren amaiera ekarri zuen. Ahaide nagusiek nekazarien aurka jarduten zuten produkzioaren ehuneko handiagoa lortzeko helburuarekin. Hala ere, Foru Berrian (1526) egin zen Kaparetasun Unibertsalaren adierazpenak gizarte-gatazkak konpondu zituen . Foru sistemak Euskal Herria gobernatuko du XIX. mendeko lehenengo herenera arte.

Arrankudiagako aintzineko argazkia

Ekonomia burdinolen jardueraren inguruan haziko da. Jarduera horrek biztanleriaren zati handi bat dinamizatu zuen; izan ere, basoak landatu eta jagon, egur-ikatza egin, berau garraiatu, birfindu… eta beste zenbait lan egiten jardun zuten. Lehengaia Ollargan eta Somorrostroko meatzeetatik ekartzen zen eta, eraldatu ostean, errege bidean barrena penintsularen barrualderanzko bidea egiten zuen. Jarduera honetaz gain, zitu eskariak lur berriak lantzea, kalitate eskasekoak izan arren, bultzatu zuen.

XVI. mendearen hasieran abiatutako prozesu honek Arakaldo bereiztea ekarri zuen, Santa Marina Birjina eta Martiriaren parrokiaren inguruan biztanleria eta autonomia nahikoak lortu baitzituen.

Zolloko biztanleak ere ahalegindu ziren euren independentzia lortzen; horretarako, 1518an San Martini eleiza bat eraiki zioten. Eraikin berri horren aurka agertu zen Martin Ruiz de Abendaño, Arrankudiagako Andra Mariko patroi banatzailea. 1520an, eta auzi bat bitarte, parrokia hori onartu zuen Arrakudiagaren agintepeko gisa, eta horrela hango patroi bilakatu zen. San Martin elizate bat izatera ere iritsi zen, baina, Jaurerriak bereizteko baimenik ez zuenez eman, ez zuen jesarlekurik ez boturik izan Gernikako Batzar Nagusietan. Arrankudiagak jarraitu zuen Zollo ordezkatzen.

XVII. mendeak benetako iraultza ekarri zuen: artoa edo indietako ogia landatzea. Horrek euskal soro umelen ekoizkortasuna hobetu zuen, ordura arte pentsaezina zen mailaraino, gainera. Berau indabekin batera landatzen zen, gariaren eta arbiaren landaketarekin tartekatuz. Lehenengo artatxikiaren ordez sartu zen hegal erdiko lur landuetan, eta gero haranean landatu zen. Une bi hauek euren isla izan zuten jaiotza-tasan, hau da, jaiotzek “boom” bi izan zituzten. Gosea desagertu eta biztanleria hiribilduetatik baserrietara itzuli zen, azken hau askoz onuragarriagoa baitzen. Siderurgia industria honen guztiaren eraginez ahuldu egin zen, luberritze honek basoak galtzea eragin baitzuen eta, Arrankudiagako basoak egur-ikatz eskariari erantzuteko birsortze gaitasun gabe utziz. Gertakari honi uzta txarreko urte batzuk gehitu zitzaizkion. Lurjabe txikiak beste zeregin batzuetan jardun beharko du (siderurgian, eskulangintzan,…) bere diru sarrerak osatzeko. Hala eta guztiz ere, zorpetzea geraezina izango da eta, bai Manuel Legorburuk bai Josef Urkijok, azken honek neurri apalagoan, abaguneaz baliatuko dira ondasun gehienekin geratzeko. Bestalde, Valdezarzanako markesa andreak elizak erosiz inguru hartako hamarrenik gehienak lortu zituen.

Aukerako sasoia izan zen inbertitzeko kapital handia zeukanarentzat. Jabe txikiek ostera, euren ondasunak galdu zituzten eta ozta-ozta bizitzen hasi ziren maizter gisa lehenengo baserri partekatuetan; batzuetan baserri berean hiru familia desberdin bizitzera ere heldu ziren. Egoera honek eta Independentziaren Gerran Napoleonen armadaren aurka eta, batez ere, lehenengo Gerran Karlistan izandako hildakoek biztanleriaren beherakada nabrmena eragin zuten.

Hurrengo urteetan egoera hobetzen joan zenez biztanleriak berriro hazkundea izan zuen. Hala ere, hazkundea pixkanaka-pixkanaka gertatu zen, lortutako bizi-maila arriskuan ipin zezakeen gorakada eragozteko hazkundearen nolabaiteko kontrol prebentiboa eginez.

Zollon ez zen gauza bera gertatu: auzoaren kokalekuagatik bertara heltzeko zailtasunak zeuden. Hori dela eta, zertan ez zen honelako aldaketarik izan. Hemen jabegoa banatuago dago, eta gehiengoa iraupen-ekonomiadun baserritarren eskuetan jarraituko du. Kristau–morala ere beranduago finkatuko da, inguru honetan ohikoagok izanik sasiko edo ezkontzaz kanpoko umeak, eta urriagoak ezkontzak.

Azaletik esanda, XX. mendearen lehenengo erdia aurrekoaren jarraipena izan zen: nekazaritza eta abeltzaintzako ekonomia jarduera, atzerapen teknologikoa eta mekanizatu gabeko nekazaritza; demografia-soberakina Behe Nerbioiko (Bolueta, Basauriko San Migel, Arrigorriaga,…) industrializazio-prozesurako lan-esku gisa esportatzea, eta abar.

Hala ere, elizate hauen baserri- eta nekazaritza-bizimodua nabarmenki eta behin betiko 50 eta 60 hamarkadetan aldatu zen, orduan heldu baitzen industrializazioa Arrankudiagako bertako lurretara. Baserriaren ohiko ustiaketa laga egin zen, bigarren sektorean lan egitera igaroz. Gaur egun ezagutzen dugun Arrankudiaga da.

  • Tabloia
  • Plenoak
  • Bakiolako Industrialdea
  • Gizarte Etxea
  • Udaltalde 21 Nerbioi- Ibaizabal
  • C.D. Indarra