Intereseko informazioa

Lurralde Historikoa: Bizkaia

Epai-barrutia: Durango

Eskualdea: Arratia – Nervioi 

Hedadura: 23,02 Km karratu

Geografia

Arrankudiaga Nerbioi ibaiaren erdiko ibarrean dago kokatua; inguru hau oso menditsua da, Bizkaiko antiklinalak zeharkatzen baitu. Materialek, kareharrizkoak gehienak, malda handiak dituen erliebea sorrarazi dute. Gailur garrantzitsuenak Ganekogorta (998 m), Goikogane (795 m ) eta Untzeta (765 m) mendi-mazelak dira. Nerbioi ibaiak udalerria hegoaldetik iparraldera zeharkatzen du, meandro ugaridun bailara estua taxutuz. Bertara doaz inguruko gailurretan sortutako ibaiadar batzuk, esanguratsuenak Urdiola, Larunbe, Dimutio eta Beatenerreka izanik.

Klima

Ozeaniar motakoa da: tenperatura leunak, urtero gorabehera gutxikoak, eta euritsua. Hala ere, eguraldiaren ezaugarriak gogorragoak izaten dira Zolloko elizatean, oso garaia baita berau Ganekogortatik hur dagoelako.

Biztanleria

Eskualdearen industrializazioa dela eta, demografiak etengabe gorantz egin du XX. mendearen hasieratik 1970era arte. Data horretatik aurrera biztanleria gutxitzen eta zahartzen hasi zen. 2000. urtetik aurrera, berriz, gora egin du biztanle kopuruak, eta 2015eko erroldaren arabera, 992 biztanle daude.

Mugak

Iparraldean Arrigorriaga eta Alonsotegi, eta ekialdean Ugao-Miraballes eta Zeberio ditu mugakide. Hegoaldean Arakaldo eta Orozko, eta mendebaldean Laudio eta Okondo.

Komunikabideak

Arrankudiagatik A-68 autobidea hartuz gero Bilbora eta Gasteizera joan daiteke, eta N-625 errepidea hartuz gero Amurriora eta Bilbora. Renfe konpainiak herritik igarotzen den Bilbo-Urduña ohiko tren-zerbitzua du, gainera Bizkaibusak ohiko linea ere badu. 

  • Tabloia
  • Plenoak
  • Bakiolako Industrialdea
  • Gizarte Etxea
  • Udaltalde 21 Nerbioi- Ibaizabal
  • C.D. Indarra