Arbide eta Iberlanda zubiak

Zubia

Badirudi gure herrian errepidera begira bizi garela, baina ia-ia konturatu barik Nerbioi ibaiak, isilean baina etenik gabe, bere urak garraiatzen jarraitzen du. Nerbioi ibaia Gibijo mendizerran sortzen da. Urduñako harana igaro eta Amurriotik pasa ondoren Laudion Altuberen urak hartuz Arrankudiagan sartzen da. Gurean, zortzi kilometro sigi-saga egiten ditu –horietako bat Arakaldorekin partekatuz, ibaiak muga natural lanak betetzen baititu.

Gaur egun, batzutan, mesfidantzaz edo oztopo bezala ikusten ditugun urak sasoi batean gure burdinoletako eta errotetako -Gaztaka, Landaberde, Errotabarrieta… - makinariak bultzatzeko behar-beharrezkoak ziren. Ibaiarekin lotura zuzena duen eraikuntza bat aukeratu behar izanez gero, duda barik zubia aukeratuko genuke.

Zubia

Eta gure herriko zubien artetik -autopista, errepide, trenbide edo oinezkoentzako hamabostetik gora daude- bi aukeratuko genituzke: Arbide eta Iberlanda zubiak.

Arbide Zubia

Otxanduri igaro ostean Arbide auzoa errege bidearekin lotzen duen zubia da.

Arbideko zubiaren aipamena 1638ko dokumentuetan agertzen da, egurrezko egituradun zubia zenekoa. Zubiak landare-materialez eraikitzen zituztenez etengabe konpondu behar izaten ziren, batez ere uholde handien ostean.

XVIII. mendearen amaiera aldean Arbideko zubiak hobekuntza nabarmena izan zuen, harrizko egitura egin baizioten. 1749-1809 urteetako udal kontuen liburuan aipatzen denez Joseph de Zuricalday hargin maisuak 1791an ia 20.000 erreal jaso zituen Arbideko zubiaren hargintza lanen erremateagatik.

Hala ere, zubiari ez zitzaizkion orduan nahigabeak amaitu, izan ere 1800 urtean uholde batek arku bat eraman zion, horma-bular eta guzti. Ezin izan zen hurrengo urtera arte konpondu. 1980-1981 urteetan berreraiki egin zuten; izan ere, garai hartan zubiak, arku bi jausita, itxura negargarria, penagarria zuen. 1983ko hondamen-abuztuaren ostean berriro konpondu zuten.

Arbideko zubiak luzetara 60 metro eta zabaletara 3 metro ditu. Altuera handikoa da, 7 metro ingurukoa. Zubi honek sei begi ditu, bost horma-bularrekin. Nagusiki harlangaitz-hormak ditu, horma-bularren angulu eta zubi-branketan harlandua ageri delarik. Beheratutako arkudun begiak ditu, harri zabal mardulez dobelatuak. Zubi-branka bakoitzaren gainean balkoi txiki bat du. Errekan beherako aldean, zubiaren erdialdean, kontrako zubi-branka dauka balkoi eta guzti.

Gaur egun zubia egoera onean dago.

Iberlanda Zubia

Elexondo auzoa Uribarrikoarekin lotzen du. Hiru begi eta zubi-branka bi ditu. Nagusiki harlangaitzezkoa da, eta zubi-branka biak harlanduzkoak dira. XIX. mendearen hasieratik dokumentatua dago, 1900ean Iberlanda izena ematen hasi zitzaion, aurretik Uribarriko zubia izan baitzen

1983ko uholdeek kalte handiak eragin zizkioten eta 1993an berreraiki zuten.

Gaur egun, zubi hau egoera onean dago, eta oinezkoek askotan erabiltzen dute.

  • Tabloia
  • Plenoak
  • Bakiolako Industrialdea
  • Gizarte Etxea
  • Udaltalde 21 Nerbioi- Ibaizabal
  • C.D. Indarra