Ondare monumentala

Andra Maria edo Jasokundearen Ama (XVIII. mendekoa)

Metro gutxira zegoen beste tenplu xume baten ordezkoa da. Tenplu hori ere gotikoa zen, eta bere aurri-egoeragatik eraitsi egin zuten. Antzinako elizatik 54 hilobi baino ez dira geratzen. Tenplua apaindura gutxiko Euskal Barroko estilokoa da. Nabearen oinplanoa gurutze latindar formakoa da eta hiru tarte desberdinetan zatitzen da, burualdea sakristia batek inguratzen duelarik. Estalkia ilargixka-gangaduna eta absideduna da, neurri desberdinetakoak izanik. Seriotasun hori elizari atxikita eta lau gorputzetan zatitutako dagoen kanpandorreak apurtzen du: Lehenengoa karratua da, harlangaitzezkoa eta bao txiki bi dauzka; bigarrena kanpandorre oktogonala da, erdi-puntuko arkuekin erremataturiko 4 baorekin; hirugarrena harlanduzko kupula da, alboetan tornuan landutako zortzi pinakulu dituena; azkenik, gurutze latindar bat dago. Elizpean zurezko estalkia nabarmentzen da; berau kanpandorrearekin, San Antonio Abadea eta San Antonio Paduakoaren baselizarekin, eta ate nagusiarekin lotuta dago. Azken honek moldura ugaridun erdipuntuko arku bat du, inposta lerro baten atsedena hartzen dutenak kapitel gisa, eta zenbait “atezango”k eutsita. Bere 9 dobeletatik erdikoa nabarmentzen da, duen mentsula formagatik. Erakineko baoek burdinsare arruntak dituzte. Barruan koruari eusten dion arku karpanela nabarmentzen da. Dobelez apaindutako arku honi hormari atxikitako pilastra baxu bik eusten diote. Aldare nagusiaren buru Kristo bat dago eta ezkerreko aldarean Ama Birjina Errosariokoaren erretaula zenbait tailarekin ikus dezakegu.

San Martin Goitzaina Zollon

Errenazimenduko parrokia hau 1518an eraki zuten Zolloko biztanleek. XVIII. mendean barroko estilodun kanpandorrea eta sakristia erantsi zizkioten. Dorrea karratua da eta harlanduzko inposta lerro bik berezitako hiru gorputz ditu. Tenpuaren oinplanoa angeluzuzena da eta altxaera gutxikoa. Lau isurialdedun zurezko estalkia du, eta elizpeak bere hiru alde ukitu eta dorrea ere barne hartzen du. Horma zurituak ditu eta, barruan, apaindura gutxiko hiru kaledun erretaula ikus dezakegu, buruan frontoi makurrak, bina gorputz, basamentua eta atikoa dituelarik. Horma-hobietan, erdipuntuko arkudunak, XIX. mendeko eta XX.aren hasierako tailak daude.

San Antonio Abadea eta San Antonio Padukoa Baseliza

1840an eraikia, udalerrian antzinakoena izan zena ordezkatu zuen. Andra Mariaren elizpetik sartzen da bertara. Oinplano poligonala eta hiru isurialdeko estalkia du. Harlangaitz-hormak ditu, bere bao bietako markoetan izan ezik, hauek harlanduzkoak baitira. Bertako lau irudiak ezin xumeagoak dira.

San Sebastian eta San Fabian Baseliza (XVIII. mendekoa)

Tenplu angeluzuzen hau Basokoetxe auzoan dago; harlangaitzezko horma eta gurutze batek errematatzen duen isurialde biko zurezko estalkia du. Sarrerari atxikita zurezko sei zutabetan oinarritzen den hiru isurialdeko arkupea du. Atea, alboetan burdinsaredun bao bana dituena, euskal estiloko adreilu gorriz markoztatuta dago. Barruan santu zaindarien eta Ama Birjina Sortzez Garbiaren irudiak daude.

San Pedro Baseliza (XVII mendea)

Uribarri auzoan kokaturik, nabea trapezoidala eta zutabe biren gainean luzatutako isurialde biko estalkia dauzka. Harlangaitz-hormak dauzka eta, horma nagusian, dinteldun atea ikus dezakegu, alboetan egurrez itxitako bao banarekin. Balkoi txiki bat dauka pulpitutzat.

Landa Jauregia

Gastakagoiti izeneko auzoa. XVII mendearen hasieran birmoldatu zuten, barroko estiloan. Hiru altuera eta lau isurialdeko estalkia ditu. Harlangaitz-hormak ditu eta baoen markoak, inposta lerroak eta izkinak, harlanduzkoak. Hiru gorpuzdun aurrealdea dauka, inpostek berezita, eta teilatuaren hegalari eusten dioten txakurren azkenengo oinarria egur landuzkoa da. Beheko solairuan sarrera dago, dobeldun ateburuarekin. Bigarrenean, burdinazko balkoi bat apaindura desberdinekin eta lau besok eutsita; bertarako sarbide bi daude. Azken solairuan armarria dago. Solairu bakoitzean elementu zentralen albo bietan lehio bana dago.

Udaletxea

XVIII. mendeko etxetzar barrokoa da. Forma kubikoa du eta harlandu asko, balkoian zehar eta beheko baoetan burdinsarea, arkupea arku karpanel baten azpian, hiru armarri polikromatu… ditu. Altuera bi eta teilatupea dauzka, plaka leunezko inpostaz zehaztuta. Inguruko baserriak Euskal Barrokoaren eredukoak dira: hiru altueradun -korta logelak eta ganbara- oinplano angeluzuzenekoak, lau isurialdeko estalkiarekin. Harlangaitzezkoak dira, markoak eta izkinak izan ezik, horiek harlanduzkoak baitira. Sarreretan ateburuak daude eta budinsaredun balkoiak dituzte. Adibidetzat hurrengo baserri hauek aipa ditzakegu, XVIII. mendekoak biak eta etxaurrean eguzki-erlojua dutenak: Artetxe eta Andikoetxea, azken honek burdinsarea bezalako ukitu neoklasikoak ere izan arren. XIX. mendean, nahiz eta barne egitura mantendu, apainketetan neoklasizismoa gailendu zen; horren adibidea da Otxanduri etxea. Etxe honetako hiru gorputzek erabilera desberdinak dituzte: solairu bik etxebizitza eta besteak ganbara erabilera.

Arozena Etxea (1948)

Beharbada Smith arkitekto bilbotarraren anbizio handieneko obra da. Euskal estilo berriko etxe honetan elementu herrikoiak tradizio landuko beste elementu batzuekin nahasten dira. Oinplanoak “L” forma du, eta erabilera desberdinetarako lau solairu. Interesgune gisa aipatzekoak dira antzinako hilerria, Arbideko eta Uribarriko zubiak (XVIII. eta XIX. mendekoak, hurrenez hurren), bolatokiak eta frontoiak.

  • Tabloia
  • Plenoak
  • Bakiolako Industrialdea
  • Gizarte Etxea
  • Udaltalde 21 Nerbioi- Ibaizabal
  • C.D. Indarra