Gerra aurretik

Arrankudiaga eta Zollo elizate independenteak izan ziren 1966an elkartu ziren arte. 1936ko estatu-kolpea baino lehen Arrankudiagak 874 biztanle zituen eta Zollok 334. Oro har, nekazal herriak ziren, baina gero eta biztanle gehiago inguruko industrietan lan egiten hasi ziren. Industria garrantzitsuenak Epalza zerrategia (Arrankudiagan) eta Talleres Miravalles (gertu dagoen Ugao-Miraballesen zegoena) ziren.

Errepublika garaian,nazionalistak indar nagusienetako bat izan ziren, nekazal eremuko Bizkaian gertatu zen bezala, indar tradizionalistak ordezkatuz.

Horrela, 1933ko apirilaren 23ko hauteskundeetan (emakumeek bozkatu ahal izan zuten lehen hauteskundeetan), 7 zinegotzi aukeratu behar izan ziren Arrankudiagan eta 6 Zollon. Hauek izan ziren lortutako emaitzak:

Taula 1. 1933ko apirilaren 23ko hauteskundeen emaitzak (euskadi.net)

Jesús de Solaun Gorostizaga Arrankudiagako alkate nazionalista aukeratu zuten eta Zollon Ramon Arana Larrea abertzalea izan zen aukeratutakoa. Tradizionalistak dimititzera behartuta, Arrankudiagako Udala nagusiki abertzalea izan zen.

Urte bereko urrian, euskal autonomia estatutuari buruzko erreferenduma egin zen. Arrankudigako hautesleen % 98k estatutuaren alde bozkatu zuten, eta Zollon, berriz, % 64a izan zen referendumaren alde.