Gazteak frontera

Altxamendu militarraren lehen hilabeteetan, gazte asko borondatez osatzen ari ziren batailoietan eman zuten izena. Beren ideologien arabera sartzen ziren batailoi komunistetan, sozialistetan, nazionalistetan... Irailaren 25ean eratu zen ofizialki Eusko Gudarostea, euskal gudari nazionalistekin.

Urriaren 7an, Gernikako arbolaren itzalpean, Jose Antonio Agirre eta Lekube Euzkadiko behin-behineko lehen Eusko Jaurlaritzaren lehendakari izendatu zuten. Lehendakari izateaz gain, Agirre Defentsako sailburua ere izango da, Eusko Gudarostea osatu eta Bilboko Burdin Hesia eraikitzeaz arduratuko zen. Horretarako, Alberto Montaud eta Noguerol teniente koronela izango zuen defentsa lerroaren diseinuan zuzendari eta Eusko Gudarosteko Estatu Nagusiko buru.

Urrian lehen kintakoiei deitzen hasten dira eta 1937ko urriaren 21ean, Arrankudiaga eta Zolloko alkateek 1932-1935eko ordezkapenetako gazteen zerrendak egin zituzten: Pedro de Arbide, Jose Beldarrain, Esteban Belategi, Jose de Duo, Fermin Arandia, Angel Egaña, Eduardo Lekanda, Marcos Urrutikoetxea... izango ziren gazte hauetako batzuk. Hilabete haietan herritik abiatu ziren gazteetako batzuk ez ziren sekula etxera itzuliko, fronte desberdinetan (Oviedo, Bizkargi…. ) bizia galduko baitzuten.

Euzkadi egunkaria 1937-05-18

 

Araba batailoia

Herriko gazte askok Araba batailoian eman zuten izena. EAJko gazte nazionalistek osatutako batailoia zen hau, Euzkadiko Ejertzitoko 14. batailoia. 1936ko irailaren erdialdean sortu zen eskualde honetako gazteekin, eta Markinako, Sollubeko, Bilboko... fronteetan borrokatu zen. Bost konpainia izan zituen: Estabillo, Ayala, Alaitza, Luis Eleizalde eta José María Urrutia, gudari erorien edo batailoiko gazteen jatorrizko eskualdeen omenez. Bataioiak Lamuza jauregian zuen egoitza, Laudion, eta bataioiak bertan egiten zituen instrukzio-saioak. Hala ere, badirudi, abuztuko igande eta jaiegunetan Arrankudiagara joaten zirela Ramon Azkueren eta Jose Duoren instrukzio militarra jasotzera. Instrukzio hori ahal zuten moduan egiten zituzten, askotan makilekin ( fusilak bailira), ehiza-eskopetaren batekin… Batailoiak hasieran ez baitzuen ia fusilik.

Foto del Periódico La Tarde del 20 de febrero de 1937

 

Padura batailoia

Arrankudiaga eta Zolloko beste gazte batzuk Euzkadiko Ejerzitoko 41. zenbakidun Padura Batailoian eman zuten izena. Batailoia Bizkaiko Arrigorriaga, Basauri eta Galdakaoko gazte abertzaleekin sortu zen, besteak beste. Bere kuartela Gaztelu-Elejabetian zegoen (gaur egungo Artea). Bere ibilbidea Elgetako frontean borrokatuz hasi zuen, baina 1937ko apirilaren 2an Gorbeia berreskuratu zuenean nabarmendu zen. Bilboko erorketaren ondoren Santanderrera joan zen, eta han borrokan jarraituko zuten Santoñan erretiratu zen arte. Bere ofizialei gatibu luzeak ezarri zizkieten frankisten espetxeetan. Horien artean, Angel Egaña Arrankudiagakoa zegoen, gerora, Valladoliden fusilatua izango zena.

Bestelako batailoiak

Gazte askok Araba eta Padura batailoietan izena eman bazuten ere, esan beharra dago Arrankudiaga eta Zolloko bestegazte askok bestelako batailoietan ere izena eman zutela: sozialistak, komunistak…