1936ko hauteskundeak

1936ko otsailaren 16an Espainiako Gorteetarako hauteskundeak ospatu ziren. Estatu maila hauteskunde hauek Fronte Popularraren (ezkerreko alderdien koalizioa) eta alderdi eskuindarren arteko borroka bihurtu ziren. Euskal lurraldean, ordea, indar nazionalistak indartsu lehiatuko ziren, Eusko Alderdi Jeltzalea buru zutela.

Arrankudiagan 381 hautesle egon ziren eta Zollon 133. Arrankudiagan gehiengo handiak EAJri ematen zion botoa (252 boto), eta Zollon tradizionalisten botoak eta nazionalistenak nahiko parekaturik egon ziren (66 boto eta 64 boto).

Garaiko prentsan irakur dezakegun bezala, Bizkaian abertzaletasuna nabarmen nagusitu zen

Garaiko prentsa. Euzkadi egunkaria. 1936ko otsailaren 17koa

Estatu mailan Fronte Popularraren garaipenak ez zituen eskuindarrak sorgor utzi, eta urte horretako uztailean Bigarren Errepublikako Armadaren zati bat Gobernuaren aurka altxatu zen.

Altxamendu hark ez zuen arrakastarik izango Madrilen, Bartzelonan edo Euskadiko parte handi batean, besteak beste, eta lurraldea bi bandotan banatuta geratu zen. Honen ondorioz Gerra hasi zen.

Arrankudiagako udaletxea. Garaiko irudia (I. Ojanguren – Guregipuzkoa.eus)

 

Felix Arebiotorreren gertaera - 1936ko martxoan

Tentsio handiko egoera bizi zen. Horren adibide ona da 1936ko martxoko hauteskundeetako bigarren bueltaren ostean Arrankudiagan gertatutakoa. EAJko kide zen Arrankudiagako gazte bati eraso egin zioten Arrankudiagako udaleko eskuineko alderdikideetako batek eta honen familiak. Erasotua medikuek artatu behar izan zuten eta erasotzaile nagusia Guardia Zibilak atxilotu zuen.

Arrankudiagako gertaera garaiko prentsan.