Burdin Hesia, Bilboko Defentsa Hesia

Bilboko Defentsa Hesia, Burdin Hesia bezala ezagunagoa, 80 km-ko luzera gainditzen zuen gotorleku lerroa zen. Eusko Jaurlaritzak erabaki zuen gotorleku hori eraikitzea, Bilbo eta bere ingurua babesteko eta matxinatutako tropen aurrerakuntza ikusirik, demokrazia eta askatasuna defendatzeko.

Lan handi hori 14.000 pertsonak baino gehiagok gauzatu zuten 1937ko udaberrira arte (horien artean zenbait emakume eta gazte), baina ez zen nahikoa izan Bilbo defendatzeko eta hesia apurtu egin zen 1937ko ekainaren 12an, Gaztelumendi eta Urrusti parean, Gamiz-Fika eta Larrabetzu artean hain zuzen ere.

Ollarganeko estalkidun lubaki lerroa (I. Ojanguren – Guregipuzkoa.eus)

 

Burdin hesia Arrankudiaga-Zollon

Arrankudiaga eta Zollo Burdin Hesiaren 3. Sektorearen barruan geratu ziren, zeina Bilbo urez hornitzeko 1923. urtean eraiki zen Zolloko urtegia babestea zuen helburu. Izan ere, gotortze-lan handi horrek ferra moduan babestu behar zuen Bilbo, El Abrako portua, aerodromoak (Sondika, Lamiako...), ura eta argia hornitzeko azpiegitura nagusiak (Burtzeña), baita beste kokaleku estrategiko batzuk ere. Era berean Bizkaiko biztanleen zati handi bat eta milaka errefuxiatu gipuzkoar babestu behar zituen, armada nazionalak aurrerantz egin ahala Bilborantz erretiratzen ari baitziren, babes bila.

 

Garaiko argazkiak: I. Ojanguren – Guregipuzkoa.eus eta Bilboko Udal Artxiboa

 

Burdin Hesiaren sektore hori hiru eremutan banatuta zegoen Arrankudiaga-Zollon.

  • Albitzarritik Goikoganeraino doan eremua. Zati hau Albitzarri aldetik Madalenako behe-hegaletik Pagobakarrako bideraino doa. Gaur egun gune horretan metrailadoreentzako hiru habia mantentzen dira: bi Alpitzarrin eta bat Madalenako aterpearen ondoan eta habien artean lubaki zatiak mantentzen dira, batzuetan oso egoera onean.
  • Goikoganen tontorra inguratuz, lubaki lerro nabarmena mantzentzen da. Hauek Mugarriluze eta Kamaraka aldera jarraitzen dute eta bertako defensa egiturekin eta Laudioko Burdin Hesiarekin bat egiten dute. Leku paregabea da hau Burdin Hesia ezagutu eta goitik gudariek zuten control eremua zer nolakoa zen ulertzeko.
  • Ollarganeko gailurretik zenbait lubaki abiatzen dira, hiru azpisektoretan banatuta. Lubaki horietako batek muino osoa zeharkatzen du Zolloko errepidera helduz. Lubaki horiek hainbat babesleku, gotorleku bat eta azpisektore horretako metrailadore-habia batzen zituen. Gaur egun gotorlekuaren aztarnak, , ehunka metro lubaki lerroa, hiru babesleku eta metrailadore-habia bat mantentzen dira. Beste azpisektore bat sigi-sagan zihoan Ollargango gailurretik 80 metrora, Morterurantz eta Zubitzuetarantz; zati hori ia erabat suntsituta dago, baina behealdean ehunka metro lubaki eta metrailadore habia bi geratzen dira. Hirugarren azpisektorea Zubitxueta gainetik San Roman gainera doa, Ugao inguruan. Badu sektore honek eraikitako defentsaren bat gordeta.

     

    Estalitako lubaki lerroa Ollarganen (Zollo). (I. Ojanguren – Guregipuzkoa.eus)

    Estalitako lubaki lerroa Ollarganen (Zollo). (I. Ojanguren – Guregipuzkoa.eus)

     

    Burdin Hesiaren eraikuntza (PDF 686KB)

    Burdin Hesiaren tipologia defentsiboa (PDF 1,10MB)