Aretako aerodromoa

Gerrak aurrera egin ahala, Eusko Jaurlaritzak aerodromo berriak eraikitzeko beharrizana ikusi zuen. Leku estrategikoak aukeratu zituen horretarako, hala nola, Areta (Laudion) edo Zumeltza (Otxandion), frontetik hurbilago zeuden kokalekuak.

1936. urtearen amaieran hasi ziren eraikitzen, eta 1937. urtearen hasieran amaitu zituzten lanak. Ordura arteko (Sondika, Lamiako, La Arena (Muskiz) eta Ugarte (Trapagaran)) aerodromoen eskaintza osatzea zuen helburu.

Aretako aerodromoaren eraikitze lanak (I. Ojanguren – Guregipuzkoa.eus)

700 metroko luzera zuen (gaur egun Gurutze Gorria dagoen tokitik Gardearaino) 150 metroko zabalerarekin. Apirila eta maiatzean zehar Eusko Jaurlaritzak behin eta berriz eskatu zion Gobernu zentralari etsaiari aurre egiteko beharrezkoak ziren hegazkinak bidal zitzatela; izan ere, Bizkaiaren aurkako eraso nagusia hasi zenetik, abiadura handian zihoan etsaia hiribururantz.

Apirilean Eusko Jarularitzatik telegrama batzuk bidali zituzten, Aretako aerodromoa onartu zezaten.

“Reconocido campo Llodio longitud máxima 700, anchura 150 aproximado, fangoso, tierra simplemente apisonada, creemos será bueno para aviación caza y aviación reconocimiento”

Manuel Irujok Francisco Largo Caballerori 1937ko apirilaren 11an bidalitako telegramako zati bat.

Manuel Irujoren gutuna, Aretako aerodromoaren egoerari buruzkoa, 1937ko apirilaren 10ekoa.