Albisteak

 
Iberdrolak eta Arrankudiga eta Zolloko Udalak udalerri honetan ibilgailu elektrikoentzako indar hornitegi azkarra kokatzeko hitzarmena sinatu zuten irailaren 25ean.

Iberdrolaren aldetik David Martinez, Euskal Herriko delegatu komertziala, izan da sinatzailea eta, Udalaren aldetik, Jesus Mª Ariznabarreta, alkatea.

Hornitegia Zuloaga auzoko Xarmanta jatetxearen ondoko aparkalekuan jarriko da eta bi ibilgailu aldi berean hornitzeko aukera eskainiko du. Autonomia handiko ibilgailuek ordu erdian gehienez horniketa burutzeko aukera izango dute bertan. Kokagunea autopistatik eta BI-625 errepidetik oso hurbil dago eta inguru lasai eta garbia eskaintzen die erabiltzaileei: umeentzako jolas parkea, jatetxea eta supermerkatua.

Zerbitzu berri hau Arrankudiaga eta Zolloko Udalaren jasangarritasun eta efizientzia energetiko egitasmoaren baitan garatu da eta etorkizunari aurrea hartzeko ahaleginean kokatzen den urratsa da. Nerbioi eskualdean ekimen aitzindaria da; Etxebarritik Urduñara eraikitzen den mota honetako lehen hornitegia da eta Arrankudiaga kokatuko du ibilgailu elektrikoentzako indar hornitegien sare orokorrean.

Proiektuak dagozkion baimen guztiak ditu eta obrak epe laburrera hasiko dira. Urte berrirako zerbitzua martxan egotea espero da.