Albisteak

 

Erregimen frankistak eraildako 2.650 lagunei omenaldia egin zieten igandean Valladolideko El Carmen hilerrian. Angel Egaña gudari arrankudiagarra ere omendu zuten, bertan fusilatu baitzuten 1938an. Arrankudiaga eta Zolloko Udalak ordezkaritza bidali zuen ekitaldian parte hartzeko.

Biktimak 7 hobi komunetan lurperatu zituzten eta oraindik 245 lagunen gorpuak besterik ez dira berreskuratu eta igandean inauguratu zen oroimen gunean berriro hobiratuak izan ziren eguerdian. Oroimen gunean eraildako 2650 pertsonen izen eta abizenak jaso dituzte eta euren artean agertzen da Angel Egañaren izena.

Valladolideko “Asociación para la Recuperación de la Memoria Histórica” izan da garai hartako gertaeren oroimenaren berreskuratze lan izugarria egin duena eta igandeko omenaldia antolatu zuena.

Angel Egaña Mendibil
Angel Egaña 1914an jaio zen Arrankudigan eta 1936an estatu golpe faxistaren aurrean euskal milizietako Padura batailoian sartu zen. Hainbat gerra frontetan hartu zuen parte teniente karguarekin. Bereziki aipagarriak Gorbeiako borrokaldiak.

1937ko ekainean Bilbo erori ondoren Santander aldera egiten du batailoiak eta Santoñan atxilotu zuten faxistek irailean. Azaroan Valladolidera eraman zuten eta abenduan egin zen gerra-kontseiluan heriotza zigorrera kondenatu zuten. 1938ko ekainaren 2an fusilatu zuten Valladoliden eta El Carmen hilerriko 7. hobi komunean lurperatu zuten.

Arrankudiaga eta Zolloko ordezkaritza
Omenaldiaren antolatzaileek gonbidatuta bertan izan zen Arrankudiaga eta Zolloko ordezkaritza bat, Txutxi Ariznabarreta alkatea buru zela. Ekitaldian arduradun politiko eta instituzional ugari izan ziren, besteak beste, Madrileko Gobernuaren ordezkariak, Gobernuaren delegatua Castilla-Leonen, Valladolideko alkatea eta beste zenbait alkate. Guztiekin batera Arrankudiaga eta Zolloko Udalaren ordezkaritza aipatu zuten jendearen txalo artean.

Gure herriko ordezkaritzak omenaldian parte hartu zuen eta lore-sorta jarri zuten biktima guztien izenak jarrita dauden oroimen gunean.