Albisteak

 

Azaroan egindako Udal Osoko Bilkuran aho batez erabaki zen, Tafalla inguruetan uholdeek egindako kalteak konpontzera bideratzea Arrankudiaga-Zolloko Udal aurrekontuetan zehaztutako elkartasunezko ekintzetarako aurreikusten den diru guztia, 5.400 euro.

Erabaki horren jatorria 1983. urtean gure herrietan jasan genituen uholdeetan dago. Egun haietan, hondamendiaren erdian, Tafallatik eta ingurutik zetozen pertsonen bi autobus agertu ziren Arrankudiagan, auzolanean laguntzeko, beharrezko lanetan. Horrez gain, Vitoriano Luzuriaga enpresako langileek lanegun bateko soldata eman zioten gure herriari, garai hartako 1.553.274 pezeta.

Joan den azaroaren 19an Arrankudiaga-Zolloko Udaleko ordezkaritza bat Tafallara joan zen diru-laguntza hori Tafallako ordezkariei ematera.